XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontakizuna Ur-punpa.

Australiako kostaldeko hiri handi batean bizi zen Karlos.

Kanguruen, ardien eta behien herrialdean bizi zen arren, ozta-ozta ikusi zituen animalia hauetariko batzu.

Egun batean amak esan zion: - Uda zure osabaren baserrian igaroko dugu, mendi-mendian.

Osabak oso baserri handia zuen eta etxetxo batzu landu gabeko lurretan zeuden, sastraka artean.

- Iupiii!- oihu egin zuen Karlosek.

Horrela kanguruak, ardiak eta behiak ikusteko aukera izango dut!.

Amak barre egin zuen.

- Zaude bertara iritsi arte - esan zion.

Bidaia oso luzea izan zen eta gauez heldu ziren.

- Zuzenean ohera - esan zion Karlosi amak.

Bihar izango duzu astia dena ikusteko.

Karlos neka-neka eginik zegoen, baina ia ezin izan zuen lo egin.

Ia gau osoa eman zuen kirrinkak eta metal-hotsak entzuten.

Biharamunean osabak baserri osoa erakutsi zion eta Karlosek haize-errota handi bat eta ura ateratzean kirrinka batean ari zen punpa bat ikusi zituen.

Horrek eduki zuen itzarrik gau osoan.

- Gelditu egingo dugu apur batean - esan zuen osabak.

Itzali egingo dut.

- Ez nekien itzali eta piztu egin zitekeenik - esan zion Karlosek.

Karlosek alde batetik bestera pasa zuen egun osoa eta dena ikusten (buruak ematen al dizkizu zer gauza egingo zituen?), beraz gaua iristean erabat nekaturik zegoen.

Baina punpa berriro kirrinka eta txirrika hasi zen.

- Badakit - esan zuen Karlosek.

Jaiki zen ohetik, jantzi zituen zapatak eta kanpora irten zen.

(Ezetz igarri zer egin zuen!).

Biharamunean osaba umore txarrez zebilen.

- Ezin izan dut bainua hartu eta gosaltzerik ere ez dugu izango.

- Begiratu Karlosi eta bapatean barreari eman zion.

Ariketak Ur-punpa.

Ura lurretik ateratzearen ideia soila aski zaila da haurrentzat eta seguraski ez dute ulertzen nola funtzionatzen duen punpak.

Halere, bi baso eta edateko lastoak ematen badizkiezue, erraz ikusten dute zer egiten duen punpak.

Lastoaz ura zurrupatzen dute, estaltzen dute lastoaren muturra mihiaz eta beste basora aldatzen dute ura.

Haize-errota.

Egin miniaturazko haize-errota bat beheko ereduaren arabera.

Ebaki markatu eta tolestatu paper-koadratua adierazten den bezala.

Tolestatu triangulu bakoitzaren punta bana erdirantz eta laurak txintxeta batez tinkatu.

Ziri bati erantsi gurpila eta putz eragin haurrari.

Errotatxoaren funtzionamentuak lagundu egingo dio haizearen indarra ulertzen eta nola erabil litekeen ere bai.

Saski-Naski Eguraldi ona eta eguraldi txarra.

Joko honek lagundu egingo die haurrei eguraldiak mesede edo kalte egin diezagukeela.

Zuek esaldiaren lehen partea esan eta haurrek iradoki beharko dituzte ondorioak.

Azkenean galdetu: Noiz duzue atsegin eguraldia eta noiz higuingarri?.

Haizea naiz: Punpei eragiten dieten azpak mugitzen ditut... (baina bota ere egiten ditut).

Eguzkia naiz: Landareei hazten laguntzen diet, baina kontuz... (erabat ihartu ere egiten ditut).

Euria naiz: Landareei hazten laguntzen diet, baina kontuz... (lurretik atera ere egiten ditut).